Material aktibo anodikoak eta katodikoak karbono eroalearekin eta lotailuekin nahasten dira, laborategian aurrez optimizatutako kantitate eta prozedurei jarraikiz.
Oinarri akuosoa duten esekiduren formulazioan espezializatu gara, elektrodoak kostu txikiko eta ingurumena errespetatzen duten prozesuen bidez sortzeko.
Esekidura katodiko eta anodiko akuosoak agitazio mekaniko bidez prestatzen dira, eta bi nahasgailu planetario bereizi erabiltzen dira kutsadura gurutzatua saihesteko.
Tenperatura ez ezik huts-maila ere kontrola dezakegu, ezarritako fabrikazio-prozeduren arabera.
Knife, Slot Die eta Commar Bar, zeinak elektrodoen xede-propietateen arabera hautatzen baitira. Lehortze-eremuak hiru gune ditu, metro bana dute luzean, eta airearen tenperatura eta emaria kontrola daitezke horietan. Elektrodoak, lehortu ondoren, zehatz-mehatz aztertzen dira lodieraren homogeneotasuna eta gramajea bermatzeko, zeharretara zein luzetara.
Estaldura-makinak sentsore eta iragazki bereziak ditu, eta, haien bidez, aplikazioak egin daitezke, hala oinarri organikoarekin, nola oinarri akuosoarekin.
Elektrodoen dentsitatea funtsezkoa da errendimendu elektrokimikoan. Porositate egokia lortzeko, elektrodo-bobinak kalandra jarraitu batetik pasaraziz tratatzen dira, hainbat parametro doituz, hala nola presioa, GAPa, abiadura edo tenperatura.
Elektrodoak automatikoki ebakitzen dira, beharren araberako neurrietan, anodoak katodoak baino handixeagoak direla, katodotik datorren litio osoa tartekatzen dela ziurtatzeko. Elektrodo bakoitza onlineko kalitate-kontrolaren bidez ikuskatzen da, 100 mikra edo gutxiagoko zehaztasunarekin.
Stacking lineak automatikoki manipulatzen eta kokatzen ditu elektrodoak gizakiaren esku-hartzerik gabe: doitasun mikrometrikoz lerrokatzen ditu eta beroko ijezketa-tratamendua aplikatzen die.
Mihiztatutako gelaxkak elektrodo kopuru aldakor batez osatuta egoten dira, nahi den edukiera lortzeko –gutxi gorabehera, 10 eta 50 Ah bitarte–.